XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itsasadarrean behera mamuen untzia bezala datorren goiz-lainoari eskaini dizkiote keak, nork lehenago berba egingoko atezuan.

- Hori Anton hori euskalduna dok, bat; pistola diarabilik, bi; eta ez dok urun zuria, hiru.

- Gogora diatortak kanposantoan izan gineneko eguna, hi itotakoen ganeko ipuinak kontetan eta ni heuri entzuten, ze ni ez nok hemen herrian jaionekoa baina, hataz guztiz be, bertokoa egin nok, umeak eta andrea bertokoak diaukadaz - Luisek buruz polito ikasitako berba purrustada askatu du, kaioek euren karrankotsezko kontrapuntuaz efektukeria areagotuz.

- Eta dirua be berton egiten dok - Onofrek zatar etenarazi dio jarioa - .

Diru barik ez diagok aberririk - arin ibili da hormara egin dion dejada altxatzen - .

Baina hil, beste batzuk egiten dozak - Antonen pistola gogoan, atze atzera jaurti dio pilota, kuiseraino.

Arnasa barik geratu da Luis pilota zelan altxako ahaleginean.

- Lau semealaba eta jagon behar joadaz - lehengora etorri da - , eta hemen be gartzelak diagozak, polito beteta ganera.

- Hi ez habe eroango, lagunak daukazak eta - Onofrek ondo gogoan duelarik Luisek Udaletxean zein erraz egiten dituen sarturtenak, eta etxeak altxatzeko behar direnak han ez dizkiotela sekula ere ukatu, itxuraz - .

Ganera, errementaten nauana ez dok inor gordetea, zuzen eta artez barik gezurren bidez etortea baino.

Onofrek sinestu egin gura du berak ere halaxe dena, artez eta zintzo jokatuz gero laguntza eskainiko liokeela kausari, orain aurrean mahaiburu egiten diharduen Anton edo Andoni horren begietan dizdira berri bat ikusten duelako (...).